Data erabakitzeko irizpidea:

Ibilaldiaren eguna honako irizpide hauen arabera finkatuko da: maiatzaren lehen larunbatak maiatzaren 1eko zubiarekin bat egiten ez duen urteetan, lehenengo larunbat horretan izango da; zubiarekin bat eginez gero, apirilaren azkeneko larunbatean izango da.

   
Ibilbide ofiziala:

Ondarretatik irten, eta errepidez Lourdes-Txikitik Igeldoko herrira; hemendik aurrera, errepide berari jarraituz, Polipasoraino. (Bide-tarte honetarako Donostiako Udaleko Udaltzainen laguntza eskatu da).

Hemendik aurrera, Mendizorrotz mendiaren hegaletik barna, Oriora. Gaueko 23:15 aldera iristea espero da.
Orioko herrian bertan 45 minutu inguruko geldialdia egingo da.

Gaueko 12etan, errepide nagusitik, N 634 - 13,8 K, (Arin eta Enbil fabrikaren ondotik), Uribazar hondartza ingurutik Talaimendi gainera igo eta zuzenean Zarautzera, gaueko 1:20 aldera.
Errepidez jarraitzen da aurrera, N 634 – 18 K, Getariara iritsi arte. Aurreikusitako ordua: 2:15 inguru. Hemen 15 minutuko geldialdi bat egingo da. Berriro Ibilaldiari ekingo zaio Zumaia aldera GI 3391 bidetik, Azkizu aldera, erromatar galtzada zaharretik, berriro Santiagoko hondartan dagoen Zuloaga Museoaren aldamenean 634 errepidearekin 28. K bat egiteko.
Euria izango balitz, aipaturiko ibilbidea N 634 errepidetik egingo litzateke.

Zumaian 30 minutuko geldialdi labur bat egingo da Musika plazan. Goizeko 4:00ak aldera abiatuko da berriro Ibilaldia N 634 errepidetik (gasolindegia eta Gurutze Gorriaren aldamenetik) Itziarko gaineko bidegurutzeraino.

Damu-erromesaldian iritsiko dira erromesak Santutegira, eta goizeko 6:10 aldera sartuko dira Elizan Meza Santua entzutera, eta horrekin emango zaio amaiera aurtengo Ibilaldiari.


ANTOLAKUNTZAKO ZENBAIT ALDERDI

Gipuzkoa Enparantza izan zen lehen ibilaldian partaide izan nahi zuten guztientzat bilera leku. Zehazkiago esanik, kontzentrazioa Andia kalean burutu zen Jesuiten elizaren eta Postetxe zaharraren artean hain zuzen.

Aurrez, eliza berean zeremonia xume bat burutu zen, Andre Mariari eskaintza egitearena.

1954an abiapuntua aldatu zen. Kontzentrazioa Santa Maria parrokiaren atarian burutu zen, Koruko Ama agurtu ondoan. Zeremonia xume bat izan zen, Salbea lehenik eta "Agur Jesusen Ama" herrikoia abestu ziren, eta ondoren Ama Birjinaren gelatxoan ibilbidean zehar eramanez Itziarko Amaren oinetan utziko zen argi zuzia piztu, eta hala-hala, abiatu zen oraingo ibilaldi hau.

Kolore desberdineko txartelak egiten dira, logotipo berbera funtsean mantenduz eta urte bakoitzeko datuak egokituz. Ibilaldia iragartzeko direnez, elizatari, autobus, denda, horma, etab.etan ipintzen dira.

Gorputzaren aldetik, berriz, gaueko freskurari gogor egiteko behar zen arropa berogarria eramatea gomendatzen zen, linterna bat, ogitartekoak baina pisuegiak izango ez zirenak afaltzeko nahiz gosaltzeko, errepiderako oinetako onak eta, ahal izanik, abarketak mendi alderako, botak ez izanik. Bakoitzaren baitan edaria, edo fruta zukuak: laranja edo limoi ura, fruitu lehorrak bidean dastatzen joateko.

Honetan, 1965ean, aurreko ibilaldien esperientzian oinarrituz, "Ibilaldi neurtua"-ren izaera eman zitzaion, eta mendizale talde batek halako ordutegi bat antolatu zuen: arratsaldeko 7:30etan Gipuzkoako enparantzako arkupetan bildu eta 8:00etan irteera. Oriora gaueko 11:15ak aldera iritsi eta 12:00etan irten, Zarautza goizeko 1:20 aldera iristeko. Getarira 2:10 ean eta handik Askizun barna (mendiz) Zuloagara jaitsi eta Zumaian errepidez sartu, goizeko 3:45etan gutxi gorabehera. Hemendik 4:00etan irten eta Arroako Geltokitik, bidezigor batetik igo eta Santuaran auzora joango zen, Itziarko gainetik, eta Gurutze Bidea eginez, goizeko 6:15ak aldera Santutegira iristeko.

Orotara, 42 km inguru dira, eta 4,600 km egiten dira orduko; ibilaldi neurtuko abiadura dela irizten da, 3 orduro atsedena hartuz.



Itzulerarako, era desberdinak iragartzen ziren: Debako geltokira garraiatuko zituzten autobusak jartzen ziren, bertan Donostiarako tren berezia hartu ahal izateko (15 pezeta txartela). Halaber, baziren Itziarretik zuzenean Donostiara ateratzen ziren autobusak ere, lehenbailehen iristeko beharra zutenentzat. Txartelak aurrez eskuratu behar ziren, Miracruz kaleko 28an, Luistarren egoitzan.

Urte hauetako beste ezaugarria, geroz gutun gehiago ekartzen zutela fededun, gaixo eta pertsona partikularrek Luistar Langileen bitartez Itziarko Amarentzat.

Udaltzain motordunak izan ziren laguntzaile, 1968 urteaz geroztik, irteeratik eta Igeldoko herriraino, eta trafikokoak handik helmugaraino.

Aldaketa koxkor batzuk sartu ziren Ibilaldian, aurrez ez zirenak. Irteera ez zen anartean bezala Gipuzkoa Enparantzatik egingo, Ondarretatik baizik. Irekia izango zen gonbidapena partaide izan nahi zuen edonorentzat, gizonezkoa ala emakumezkoa izan. Hots, emakumeei ateak irekitzen zitzaizkien, aurrekoetan ateak itxita bazituzten ere.

1972an, guztiz egokitzat jo zen txistua eta txalaparta Meza garaian jotzea eta dantzariek parte-hartzaileei agurra eskaintzea.

Itzulerarako Itziarretik Debara oinez jaitsi eta autobusak joan-etorria noiz egingo zain egon beharrean, Batzordeak berak kontratatuko zituen, kostaldean barna, Donostiara itzultzeko autobusak, txartelak irteera aurretik erosi ahal izango zirelarik (Iberia bidaiak agentzian). Orduko agiriek diotenez, 110 pezeta ordaindu behar zen txartela 1975. urtean.

1974an, Jazinto Argaia gotzainak, Ibilaldian bertan egoterik ez zuela eta, idatziz jakinarazi zuen Itziarko Ama Birjinari eskatzen ziona: "Gipuzkoako gazteek egiazko batasun eta anaitasun testigantza ematea". Ibilaldia antolatzeko ardura zuten gazteek, batasunaren aholkua praktikara eraman nahirik hain zuzen, emakumezkoen presentziari konponbidea bilatzen saiatzen ziren, gizonezko erromesen artean nolabaiteko gorabeherak sortzen ari zelako. Hala, 1974. urtean, emakumezkoen presentzia saihestezina zela ikusi zen eta Xabierko ibilaldiko arduradunek egindakoa ikusita, Nesken Batzordea antolatzea erabaki zen.

Lehenik eta behin hartutako erabakiak honakoak izan ziren: Ibilaldian parte hartu ahal izateko adina 17 urtekoa, gutxienez, izatea. Emakumezkoen lehenengo Ibilaldia 1974. urtean egitea; gizonezkoena egiten zenetik astebetera, baina ibilbide anitz laburragoarekin. Irteerako hitzordua goizeko zortzietan zen Zumaiako Kiosko plazan, eta handik abiatu zen Ibilaldia, Itziarra eguerdiko hamabiak aldera iristeko.

Emakumeen Batzordea antolatzea erabaki zen honako kide hauek osaturik:

Maria Jesus Iartza, Pili Urdanpilleta, Pili Ormazabal, Maria Jose Korta eta Ines Lerones. Hurrengo urtean, ordea,1975ean, emakumezkoen Ibilaldiak jaitsiera handia jasan zuen parte-hartzaileen aldetik eta antolakuntzak, emakumezkoek, Itziarko Ibilaldi bakarrean, gizonezkoekin batera, parte hartu ahal izateko aukera onetsi zuen.

Zilarrezko Ezteiak zirela-eta, enblema bat egin zen oroigarri gisa. Giro nahasia bizi zen garai hartan eta honako sarrera egitea komeni zela iritzi zen:

"Gaur egun, gure gizarteak bizi dituen ezaugarri bereziak direla eta, gure kristau sinesmenean irmoki mantentzera behartuak gaude, giza taldea mugitzen duten artaldekeria eta masifikazioetatik urruti. Hori horrela, Itziarko Ibilaldia ekitaldi aproposa da hausnarketarako, non bideko nekearekin batera, erromesek euren barne bizitza aztertzea sustatu nahi den, azkenean, helmugan, Itziarko Ama Birjinaren Santutegian, Meza Santuarekin amaiera emanez".

Denboraren joanak ikasbide berriak eskaintzen ditu eta irizpideak aro bakoitzaren pentsakizunetara egokitzen dira. Hala, urte askotan ibilaldia mendiz egitearen aldeko apustua egiten bazen ere, errepidez egitea zen orain parte-hartzaile askoren nahia, eta horrek, ibilaldiko zati batzuen aldaketa ekarri zuen, eta 1981ean hiru mendi zati baino ez ziren egiten: Donostiatik Oriora, Getariatik Zumaiara, Askizun barna (zatirik interesgarriena ikuspegi historikotik hartuta, Santiagoko lehenengo erromesek egiten zuten galtzada zaharretik egiten baita; eta Arroatik Santuaranera, Itziarretik gertu.

Eskerronez hartzen da Orioko San Martin ermitaren atarian, erretoreak eta gazteek, bidaztiei eskaintzen dieten limoi-ur freskoa. Baita, ibilbideko hainbat tokitan, gero eta gehiago, eskaintzen dituzten ur-botila, kafe bero, etab. ere.

Jose Inazio Imaz sendagilea izan zen lehen urteetan, Gurutze Gorriaren laguntzarekin, osasun-zerbitzua eskaintzen zuena. Gurutze Gorria Gaztearen ordez, Gurutze Gorriko Sorospen Taldeak hartuko zuen bere gain osasun-laguntza ematearen ardura. 1982an, balizko zaurituei laguntzeko osasun-kamioi bat jarriko zuen gaueko bidaztien zerbitzura.