1 cab pres
1 cab pres
1 cab pres
1 cab pres

Lehenengo urte haietan banaturiko txarteletan irakur daitekeenez, gaueko ibilaldi honek zera zuen helburu, "Bakea lurrean izateko sakrifizio handi bat eskaintzea".

Ez zen kontua eliz giroko talde haientzat ohikoa zen mendiko txango bat burutzea. Ez zen festa giroko bira bat antolatzea edo norbere indar eta gaitasunak neurtzeko jokabidea ere, Donostiatik eta Itziarra bitarteko ibilbide hura egitea.

"Itziarko Ibilaldiak" gure aurrekoen antzera benetako erromesaldi bat burutzea zuen helburu, haien antzera larunbat gauez eta oinez ibilbide luze bat eginik, astelehenean lanera joateko, igandean atseden hartu ondoren. Salbamen ariketa bat da funtsean, zeren norberak beharrezko baitu, tarteka, bere burua aztertzea eta bizibidea zuzentzea.

"Itziarko Ibilaldia" Elizaren gogo bizi bat betetzea da, zeinak nonahi eta beti gomendatu izan duen Santutegiak eta Leku Santuak bisitatzea, hauek kristauei dakarzkien onura pertsonalak edo kolektiboak ikusita.

Esan dezagun bidenabar, hurrengo urteetako ekitaldietan Ibilaldia hasterakoan burutzen zirela fededunen eskariak eta ibilaldian zehar Arrosarioa errezatzerakoan tartekatzen.

Itziarko gainetik Santutegira bitartean Gurutze Bidea, gurutze handiak bizkarrean eramanez Andre Maria bisitatzera zetozen garai bateko erromesen antzera.

Letaniak euskaraz eta gaztelaniaz errezatu, eta bat-banaka Andre Mariaren gelatxotik pasatu ziren erromesak, ibilaldiko esfortzua bitarteko, berarenganako fedea eta jaiera erakutsiz.

1974an, Jazinto Argaia gotzainak, Ibilaldian bertan egoterik ez zuela eta, idatziz jakinarazi zuen Itziarko Ama Birjinari eskatzen ziona: "Gipuzkoako gazteek egiazko batasun eta anaitasun testigantza ematea".

Asko dira osasunaren inguruko eskariak egiten edo jasotako mesedeengatik eskerrak ematen dituzten erromesak, baita horren kariaz euren alabei Itziar izena jartzen diotenak ere.

Garai bateko mila eta bostehun lagunak, seiehun inguruko taldera murriztuak ziren egun. Halarik ere, gauza ez zen deialdia bestelako helburu erakargarriz mozorrotzea, nahiz eta horrek, beharbada, partehartzaileen kopurua igoko zukeen baina bere egiatasuna galduz, betiere. Aitzitik, ibilaldiko antolatzaileek tinko eutsi zieten beti izan dituzten -zioten- eta egun dituzten helburuei, hots, bakea, gizarteko beharrekiko konpromisoa, gogoeta pertsonala eta gau bateko joanean besteekin elkarbizitzea.

Hori zen, 1977ko maiatzaren 7an, Zilarrezko Ezteiak ospatzeko erarik egokiena: Itziarko Ibilaldian era batera edo bestera parte hartu zutenek hasiera-hasieratik sustatu zituzten kristau konpromisoetan berrestea.

Donostia 2013